ARARTEKOAREN ERAKUNDE-ADIERAZPENA, IRUNGO SAN MARTZIALEKO ALARDEA DELA ETA


2019ko ekainaren 30a


Irun

Ia hogeita bost urte igaro dira jendaurrean eskatu zenetik gauzatu zedila Irungo emakume batzuen bidezko helburu bat: hain justu, emakumeek beraien herriko alardean gizonezko herrikideek bezalaxe parte hartu ahal izatea. Jaiegun horrek agenda publikoetan tokia hartzen jarraitzen du, bidezko aldarrikapen hori dela medio.

Ararteko erakundeak aurten ere bat egiten du beharrezko oroigarri horrekin, emakumeek alardean berdintasunez parte hartzeko oztopoak kentzeko ahaleginean jarrai dezaten Irungo gizarteak eta gai honek eragindako botere publikoek. Horixe da Irungo biztanleek gehien maite duten jaia, eta herritar guztien ondarea izan beharko luke.

Gaur egun alarde parekidea dagoeneko ekitaldi publikoa ez bada ere, Irungo Udalak protagonismo eraginkorra bereganatu beharko luke alarde parekidea esplizituki babesten eta defendatzen.
Arartekoak argiro adierazi du bere iritzia hainbat gomendiotan; bere doktrina gomendio honetan laburbilduta dago: 3/2010 Gomendio Orokorra, abenduaren 21ekoa, Emakume eta gizonen arteko berdintasuna jaietan. Gomendio horrek oinarritzat hartzen du argi eta garbi defendatu behar dela gizarte benetan parekidea eta emakume-gizonentzako zuzena, eta gogorarazten du erakunde publiko guztiek, baita gizarte-sareek ere, apustu egin behar dutela emakumeen partaidetzazko protagonismoaren eta erabateko herritartasunaren alde, gizonekin alderatuta emakumeak bazter uzten dituzten kultura- eta gizarte-inertzien kontra.

Horrela, Arartekoarentzat bereziki garrantzitsua da erakunde publiko guztiek eraginkortasunez eta erabakitasunez esku hartzea Euskadin emakumeentzat eta gizonentzat jai parekideak sustatzen.

Helburu hori lortzeko asmoz -aurreko urteetan bezalaxe Irunen izango da Ararteko erakundea, Julia Hernández Valles (arartekoaren ondokoa) ordezkari duela, jaietan parte hartzean berdintasuna hezurmamitzen urtero ahalegintzen diren emakume eta gizonei laguntzen eta babesa ematen.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 28a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad