ARARTEKOAREN GOMENDIO OROKORRA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO IBAIETAN BAIMENDU GABEKO ISURKETA KUTSATZAILEAK IKUSKATZEKO ETA KONTROLATZEKO PROTOKOLOAK HOBETZEKO PROPOSAMENEKIN



Vitoria-Gasteiz

Gomendio horren jatorria ofiziozko jarduketa bat da, 2018an abiarazitakoa. EAEko ibaietan 2018an izandako isurketa kutsatzaileen gertakari zehatzengatik aurkeztutako salaketa batzuen harira bideratutako izapidea aztertu du Arartekoak.

Gehienetan, salaketa jarri zuten elkarteek adierazi zuten, gertakarien ondoren, zailtasunak zituztela URA-Uraren Euskal Agentziak edo, hala badagokio, ingurumen-polizia eskudunak (Ertzaintza, basozainak edo udaltzaingoa) egindako esku-hartzeari buruzko informazioa biltzeko isurketaren balizko iturriari, haren izaerari, balizko arduradunari eta kasu bakoitzean adostutako zehapen-neurriei buruzko ikerketa-lanei dagokienez.

Espediente hau izapidetu bitartean, Arartekoak zenbait elkarte ekologisten balorazioa jaso du (Eguzki, Ekologistak Martxan eta Zadorra Bizirik plataforma). Gainera, baimendu gabeko isurketei buruzko ikuskapenean eta ingurumen-kontrolean eskumena duten administrazio eta erakundeek emandako informazioa jaso du (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila eta URA-Uraren Euskal Agentzia). Ertzaintzaren Ingurumen eta Hirigintza atalarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko probintzia-fiskaltzetako ingurumen-atalekin ere harremanetan egon gara.

Euskal Autonomia Erkidegoan baimentzen ez diren isurketen kasuetan jarraituriko ikuskapen- eta kontrol-lanak bilakaera positiboa islatzen du abiarazitako isurketen inguruko zehapen-espedienteen kopuruari dagokionez (adibidez, URA Agentziaren datuen arabera, 2019. urtean, 129 espediente abiarazi ziren; 2017ko 43 espedienteak baino hiru aldiz gehiago). Era berean, Arartekoaren ebazpenak URAk kutsadura puntualari dagokionez jasaten diren gorabeheren harira zabaltzen duen ingurumen-informazioaren gorakada islatzen du.

Arartekoaren gomendio orokor horrek hobekuntza-proposamenei buruzko oinarri-dokumentu bat izatea erraztu nahi du, ondoren hausnarketa bateratua egiteko EAEko isurketen ingurumen-kontroleko erakunde eskudunen eta natura-ingurunearen babesean laguntzaile gisa esku hartzen duten elkarte ekologisten artean.

Ebazpen honen helburu nagusia ingurumen-salatzailearen zeregina sustatzea eta kolaboratzaile gisa administrazio onaren betebeharrak ezartzea da, ingurumen-araudia behar bezala betetzen dela bermatzeko.

Bestalde, dokumentuan interesekotzat jo da zehatzeko ahalmena, ingurumen-kalteak ordaintzeko eskatzeko ahalmena baliatzeari dagokionez zenbait betebehar eta akzio penala egikaritzen dela bermatzeko betebeharra jasotzea. 


ARARTEKOAREN PROPOSAMENAK

Hobekuntzak baimenik gabeko isurketa kutsatzaileei buruzko ingurumen-informazioa eskuratzeko.

Informazio publikoa sustatzea. Hautemandako baimendu gabeko isurketa kutsatzaile bakoitzari buruzko informazio publikoa sustatzea, ikuskapen-aktak eta eskatutako zehapen-neurriak nahiz ingurumen-erantzukizuneko neurriak barne hartuta.

Ingurumen-informazioa eskuratzeko eskubidea. Garrantzitsua da berariazko erantzuna bermatzea baimendu gabeko isurketak ikuskatzeari eta kontrolatzeari buruz egindako eskaerei, hilabeteko epean. Interesgarria litzateke URAk ordezko formulak bilatzea ingurumen-informazio hori helarazteko, elkarteen parte-hartzea bultzatuko duten bileren, topaketen edo foroen bidez.

Hobekuntzak baimenik gabeko isurketa kutsatzaileen ingurumen-kontroleko prozeduran interesa duten pertsonek egindako salaketen izapidean.

Gertakari baten berri ematen duen pertsonaren eskubideak. Larrialdiak kudeatzeko eskumenak dituen administrazioak (112 SOS Deiak zerbitzua) komunikatzaileari bermatu egin behar dio larrialdi-egoeraren izapidearen berri izango duela, zerbitzu horrek egindako jarduketak ezagutuko dituela, edo hala badagokio, kasua artxibatu izanaren berri ere jasoko duela. Gainera, zerbitzu horrek komunikatzaileari ingurumen arloko salaketa bat formalizatzeko aukerari buruzko informazioa eman behar dio.

Ingurumen-salatzailearen eskubideak. Salatzaileak prozeduran parte hartzeko, administrazio egintzen berri izateko eta erabakitzen diren ebazpenen berri izateko eskubidea du, baita txostenak eta alegazioak aurkezteko eta frogak proposatzeko eta administrazio erabakiak errekurritzeko eskubidea ere.

Ingurumen-salatzailea babesteko neurriak. Arartekoak jarduketa plana sortzea proposatu du, salatzailea aitortzeko eta urei buruzko legeriaren arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa sustatzeko.

Ingurumen-salaketak sustatzeko betebeharra. Ustezko arau-hauste batengatik ingurumen-salaketa bat aurkezten bada, isurketak ikuskatzeko eskumena duen organoak ikerketa-espediente bat izapidetu beharko du, zehapen-espediente bat hasteari buruz erabaki beharko du, eta, hala badagokio, ingurumen-erantzukizunaren eskakizuna izapidetu beharko.

Ibaietako ingurumena zaintzeko koordinazio-mekanismoak sustatzea. Arartekoak URA-Uraren Euskal Agentziaren, Ertzaintzaren, foru eragileen eta esku-hartzen duten tokiko gainerako eragileen ikuskaritza zerbitzuen arteko koordinazio neurriak (lehendik daudenak, jadanik) sustatzea gomendatu du. Horretarako, gomendatzen da Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak hala eskatuta, hitzarmen bat sustatzea ibaien ingurumen-zaintzako koordinazio mekanismoak bultzatzeko eta horiei segurtasun juridikoa emateko.

Zehapen eskumena egikaritzeko beharra. Zehatzeko ahala ezin da erabili, eta uren legerian izendatutako organoek baliatu eta sustatu behar dute.

Isurketek ingurumenean eragindako kalte larriak ordaintzeko betebeharra. Ingurumen-erantzukizunari buruzko legean araututako prebentzio-, saiheste- edo konponketa-neurriak eskatu behar dira, ondorio kaltegarri nabarmenak eragiten dituzten ingurumen-kalteei dagokienez.

Akzio penala lehenestearen printzipioa. Uretako isurketen araubideko arau-hausteen funtsean ingurumenaren aurkako delituak gauzatu izanaren aukerak egonez gero, akzio penala egikaritzea lehenetsi behar da. Funtzionarioek, ikerketa- edo zehapen-faseetako edozeinetan, zigor-arloko jurisdikzioari jakinarazi behar diote baimendu gabeko isurketa kutsatzaile oro, baldin eta, beren larritasun bereziagatik, zantzuen arabera delitua izan badaiteke.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 5a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Gomendio orokorrak
Arartekoaren 2/2019 Gomendio orokorra, 2020ko urtarrilaren 23koa. Euskal Autonomia Erkidegoko ibaietan baimenik gabe egiten diren isurien ikuskaritzari eta kontrolari buruzko protokoloak hobetzeko proposamenak. Arartekoaren 2/2019 Gomendio orokorra, 2020ko urtarrilaren 23koa. Euskal Autonomia Erkidegoko ibaietan baimenik gabe egiten diren isurien ikuskaritzari eta kontrolari buruzko protokoloak hobetzeko proposamenak.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad