ELKARBIZITZARI BURUZKO VI. JARDUNALDIAK


Elkarbizitza eta sexu- eta genero-aniztasuna


Bilbao

Iñigo Lamarca arartekoak Elkarbizitzari buruzko VI. Jardunaldietan parte hartuko du gaur, Bilbon. Jardunaldiok Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatu ditu.

Eskolako elkarbizitza eta sexu-aniztasuna dute ardatz nagusi eta, jardunaldi horietan, Rainbow proiektuan prestatutako material didaktikoa aurkeztuko dute Arartekoko Haur eta Nerabeentzako Bulegoko zuzendari Elena Ayarzak eta Arartekoko Genero berdintasunaren eta LGTB pertsonen eskubideen arloetako koordinatzaile M.ª Luisa Aguirrechek. Proiektu hori nazioz haraindikoa da, Europar Batasunarekin batera finantzatutakoa, eta bertan parte hartu du Arartekoak.

2011 eta 2012. urteetan barrena, Rainbow proiektuaren helburua izan da Europako hainbat herrialdetako eskolak, zinemako profesionalak eta LGBT pertsonen eskubideak babesteko elkarteak harremanetan jartzea, adin txikikoen eta nerabeen askatasun afektibo eta sexualerako eskubidea sustatzeko eta estereotipo homofobo eta transfoboen kontra eraginkortasunez borrokatzeko.

Europako zortzi herrialdetako irakasle, boluntario eta psikologia eta hezkuntzako adituen esku-hartzeari esker, Rainbow proiektuan esku hartu duten erakundeek baliagarritasun handiko tresna batzuk garatzea lortu dute, besteak beste:

- 6 eta 16 urte bitarteko irakasle eta ikasleentzako tresna pedagogiko baliagarria 8 hizkuntza ezberdinetan: alemana, bulgariera, espainiera, euskara, frantsesa, nederlandera, ingelesa eta italiera. 9 film labur dituen ikus-entzunezko zati batek eta gida pedagogiko batek osatzen dute azken hori, ikasleei filmen esanahia ulertzen laguntzeko eta irakasleei adierazpen askatasuneko eta errespetuko ingurua osatzen laguntzeko. Adin-tarte ezberdinetarako film laburrak egoki aukeratuz eta orientazio pedagogiko eraginkorraz eta film horietan agertutako edukien inguruko jarduerez baliatuta, adingabeei eta nerabeei lagundu dakieke genero-identitatea eta sexu-joera bezalako gaiez hitz egiterakoan euren mesfidantzak gainditzen eta, horrela, ezagutza eta autoestimua lortzen.

- Jolas horrek sexu-identitatearekiko errespetua eta homofobiaren aurkako borroka erakusten ditu hezkuntza-eremu informaletan. 16 urtetik gorakoentzat da, bereziki elkarteentzat.

Gaur egun, Arartekoa RAINBOW HAS proiektua koordinatzen ari da (Eskubideak aliantzen bitartez: etxean eta eskolan berritzen eta sareak sortzen), hori ere Europar Batasunarekin batera finantzatuta. Europako 8 herrialdetako 13 erakundek hartzen dute parte proiektu berri horretan, eta 2013an eta 2014an garatuko da, Rainbow proiektuan hasitako lanari jarraipena emateko asmoz.


Bilbao, 2013ko apirilaren 11

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad