ERREFUXIATUEN EGOERA EAEN


Errefuxiatuen egoera EAEn

"Juan San Martin" Giza Eskubideen Bildumaren barruan argitaratua

Vitoria-Gasteiz

Arartekoa etengabe kezkatzen da errefuxiatuen egoeragatik eta haiei harrera humanitarioa egiteagatik. Gatazka belikoetatik eta jazarpenetik ihes egiten duten pertsonekiko elkartasuna ezinbesteko duintasun- eta kohesio-elementua da gizarte zuzen eta solidarioa eraikitzeko orduan.

Nazioarteko itun eta hitzarmenetatik eta zuzenbide humanitarioko nazioarteko arauditik eratorritako konpromiso eta betebehar juridikoak nahitaez bete behar dira, arriskuan baitaude justizia, giza eskubideak errespetatzea, horien izaera unibertsala, gizarte zibilizatu, anitz eta solidarioaren euskarria. Ararteko zeharo ziur dago horiek defendatu eta sustatu behar direla, hutsik egin gabe, lehentasunez eta premiaz.

Horregatik, gizarteko talde kalteberenen giza eskubideak Euskadin nola ezartzen diren ikertzeko bekaren esparruan, Hautapen Batzordeak (Arartekoko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariek osatutakoa) interesgarritzat jo zuen EAEn errefuxiatutako pertsonen egoerarekin lotutako proiektua, Sofía Lucas, Simona Sobotovicova eta Casilda Zarauz ikerlariek aurkeztutakoa, eta proiektu horri esleitu zion beka, 2017an.

Horren bidez aztertu nahi zen Euskal Autonomia Erkidegoak zer zeregin betetzen duen egungo esparru juridikoan nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonak hartzean eta babestean, legez zer eskumen eman dizkioten, zer politika publiko garatu diren eta ea politika horiek betetzen dituzten errefuxiatuak hartzeko nazioarteko zuzenbideko baldintzen estandarrak; euskal administrazio publikoek zer-nolako laguntza ematen dioten harrera-sistema orokorrari; zeintzuk diren agian gertatzen ari diren edo gomendagarriak izan litezkeen esperientziak eta jarduera egokiak, gizarte zibilak bultzaturiko elkartasun-ekimenak berariaz aipatuz.

Argitaratutako ikerketan 31 ondorio atera dira eta errefuxiatuen egoera hobetzeko hainbat proposamen egin dira, horietatik 9 euskal administrazioei. Horien artean, aipagarriak dira sarbidea izatea osasun-sistemara, etxebizitzara, lan-merkatura, prestakuntza-baliabideetara eta hizkuntzaren ikaskuntzara; prestazio ekonomikoak jasotzeko baldintzak malgutzeko beharra; erakundeen eta gizarte-erakundeen arteko koordinazioa hobetzea; eta harreraren kontzeptua legerian garatzeko aukeraz hausnartzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 4a 

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Coleccion de derechos humanos Juan San Martín
Errefuxiatuen egoera EAEn Errefuxiatuen egoera EAEn
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad