GAZTEAK ETA EMANTZIPATZEKO AUKERAK



Noticias de Gipuzkoa, Deia, Noticias de Álava eta Berria

Abuztuaren 12a Gazteen Nazioarteko Eguntzat hartzen da. Beraz, egun hori aprobetxatuz, bereziki garrantzitsua iruditzen zaigun gai bat azaldu nahiko genuke Arartekoari dagokion ikuspegitik, hau da, eskubideak defendatzearen ikuspegitik: gazteen emantzipazio aukerak, gazteek beren bizitzez erabat arduratzeko, gizartean parte hartu eta gizarte osoari ekarpenak egiteko dituzten ahalbideak.

Orain hiru urte argitaratu genuen Gazteentzako etxebizitza politika publikoak EAEn izenburuko txosten berezia. Txosten hartan, gazteen beharrak aztertu eta etxebizitza politikak ebaluatu genituen (erkidegoen eta herrialdeen arteko ikuspegi konparatutik begiratuta ere bai); gero, dagokion moduan, hainbat gomendio egin genituen (42, hain zuzen).

Lehen begiratuan, bigarren mailako gaia lirudike, baina izugarrizko eragina du emantzipatzeko aukeretan. Izan ere, etxebizitza, gaur eta hemen, premia-premiazko baliabidea da eta, hori gabe, ia ezinezkoa izaten da garapen pertsonal eta sozial osoa ahalbidetuko duen bizimodu autonomoa hastea. Oinarrizko elementua da beraz, aurretiazko baldintza bat, gizarte dinamikan bete-betean sartu ahal izateko, bizimodu normalizatua hasi ahal izateko, pertsonek −kasu honetan, gazteek− beren ahalmen guztiak garatu ahal izateko, ahalmenok oso mesedegarriak baitira euren bizitzarako eta bizi diren gizarterako.

Gazteen emantzipazioa honela azal daiteke: besteren mende dagoen gazte izatetik heldu autonomo izatera igarotzea. Aldaketa hori prozesu arras garrantzitsua da, horren bitartez sartzen dira gazteak helduen munduan eta hartzen dute erabat beren gain euren erantzukizuna. Prozesu horrek zerikusi zuzena du baliabide ekonomikoekin (norberarenak nahiz familiarenak izan), eta, hortaz, lotura du etxebizitza lortzeko zailtasunekin eta lan-merkatuan egonkortasun handiagoko edo, nahiago bada, prekariotasun gutxiagoko egoeran sartzeko zailtasunekin.

Alabaina, emantzipazio prozesuetan, berebiziko eragina dute ez bakarrik prestakuntza jasotzeko, lana izateko edo etxebizitza eskuratzeko benetako aukerek; erabakigarria da, halaber, gazteek −beren sineste, balio, esperientzia, espektatiba eta abarren arabera− aukera horiek nola hautematen eta baloratzen dituzten.

Kontua da, arrazoi batzuengatik edo besteengatik, emantzipatzeko batez besteko adina dezente atzeratu dela EAEn azken hamarraldietan. Hirurogeiko hamarkadan, adibidez, Euskadiko gazteek batez beste 23 urte baino gutxiagorekin uzten zuten familiaren etxea. Laurogeiko hamarkadan, berriz, emantzipatzeko adina 24 urtera atzeratu zen emakumeentzat eta 25era gizonentzat. Laurogeita hamarreko hamarraldiaren bukaeran, atzerapena askoz handiagoa zen: gizonek familiaren etxean jarraitzen zuten, batez beste, 30 urte pasatxo izan arte; emakumeak, 28 urtera arte. Azken urteotan, adin horiek zertxobait behera egin zutela adierazten zuten eskura zeuden datuek. Hala ere, oso litekeena da emantzipazio adina berriz ere atzeratzea, krisialdiarekin edo ziurgabetasun uneekin lotuta.

Sarritan esan ohi da oraingo gazteen belaunaldia ongien prestatutakoa dela, baina, hala ere, guztiok dakigu gazte asko nekez egin daitezkeela beren bizitzaren kargu. Gazteen emantzipazioa erraztea, gazteek gizarte-bizitzan erabat parte hartzea eta arduratzea, horixe da gaur egun politika publiko guztiek beren lehentasunen artean jarri beharko luketen erronka.

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad