HERRIAREN DEFENDATZAILEEN EUROPAKO SAREAREN BILTZARRA



Bruselas

Manuel Lezertua arartekoa Bruselan da egunotan, Herriaren Defendatzaileen Europako Sarearen Biltzarrean parte hartzen. Honelako gaiak aztertzen ari dira topaketa horretan: EBren etorkizuna, herriaren defendatzaileek geroan izango dituzten erronkak eta EBko herritarren mugaz haraindiko arazoak konpontzea.

Lezertuak mugaz haraindiko arazoak konpontzeari buruzko saio batean esku hartu du, kasu zehatzei nola aurre egin azalduz, adibidez, LGTBen kasuari edo ijitoenari.

Arartekoak esan duenez, Ombudsmanek "botere publikoetan eta gizarte zibilean eragina izan behar dute, eta buru egin behar dute gizakien aniztasuna aldeztu eta errespeta dadin eta gutxiengoak ekonomia-, gizarte, politika- eta kultura-bizitzako arlo guztietan berdintasunez eta duintasunez erabat gizartera daitezen eskatzeko orduan".

Lezertuak aintzat hartu ditu euskal udal batzuk eta foru aldundiak egiten ari diren ahaleginak, gutxiengo batzuen aldeko programa aurreratuak baitauzkate.

Edonola ere, nabarmendu du Europan gutxiengo berriak agertzen ari direla (erlijiozkoak, kulturazkoak) eta lehendik zeuden gutxiengo batzuen egoera berariaz aztertzeko programek ezin dietela erantzun gutxiengo berri horien beharrei.

Herriaren Defendatzaileen Europako Sarea 1996an sortu zen eta bere baitan hartzen ditu Europar Batasuneko estatu kideetako, EBko kide izan daitezkeen herrialdeetako eta Europako gune ekonomikoko beste herrialde batzuetako herriaren defendatzaile nazionalak eta eskualdeetakoak, bai horien antzeko erakundeak ere, Europako Herriaren Defendatzailea eta Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 9a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad