HIZKUNTZA KOMISARIOEN NAZIOARTEKO ELKARTEAREN BILTZARRA



Cardiff

Arartekoa Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkartearen nazioarteko biltzarrean parte hartzen ari da egunotan, Cardiffen (Gales).

Legeak zenbait eginkizun eman dizkio Ararteko erakundeari, besteak beste, euskararen eta gaztelaniaren ofizialkidetasunak berekin dakartzan herritarren hizkuntza-eskubideak babestea. Lan hori beste herrialde batzuetako antzeko erakundeekin batera egiten du, eta erakunde horiek International Association of Language Commisioners (IALC) delakoan bilduta daude.

IALC elkartearen zeregina hauxe da: berdintasuna, aniztasuna eta hizkuntza-eskubideak sustatu eta bultzatzea mundu osoan, eta hizkuntza-komisarioei babesa ematea, lanbide-maila gorena lortu ahal izan dezaten baliabide hauek erabiliz:

· Hizkuntza komisariotzak sortzeko orduan, aholkuak ematea.
· Prestakuntza, lanbide garapen, ikerketa eta informazio arloetan, elkarri baliabideak ematea erraztea. Lankidetzan aritzea aniztasuna eta hizkuntza-eskubideak sustatu eta babestea helburu duten tankera bereko erakundeekin.
· Hizkuntza-komisarioen eginkizuna eta garrantzia hobeto ezagutaraztea, eta gobernuei, Estatuko agentziei, akademikoei, hedabideei eta biztanleei, oro har, horretaz ohartaraztea.
· Hizkuntza-komisariotza bat sortu nahi duten edo hizkuntza-eskubideak sustatu nahi dituzten eskualdeei laguntzea.
· Azterlan enpirikoak elkarrekin partekatzea, hizkuntza-eskubideak bultzatzeko asmoz.

Carwyn Jones Galesko ministro nagusiak eman dio hasiera biltzarrari, gales hizkuntza justizia auzitegietan sartu zeneko 50. urtemuga ospatzen duen saio honetan.

Jarraian, nazioarteko hainbat adituk beren ekarpenak egin dituzte. Teknologia berriek hizkuntza-aniztasunari eta hizkuntza gutxituen eskubideei zer onura ekarri dieten izango dute hizpide. Rafael Sainz de Rozasek, Arartekoko kultura eta hizkuntza-eskubideen arloko arduradunak, honako ponentzia hau eman du: "Basque language: is it right on?" Arartekoaren eskarmentua abiapuntu hartuta, azaldu du hizkuntza-teknologiek zer eragin izan duten euskal administrazioaren esparruan, eta nola lagundu duten herritarren hizkuntza-eskubideak baliatzen.

Manuel Lezertua arartekoak, bestalde, IALCren Kontseiluan parte hartu du, honako hauen berri emateko: Euskadin hizkuntza-eskubideak zertan diren, zer aurrerapen egin diren azken urte honetan, eta berak zuzentzen duen erakundeak nola jarduten duen eskubide horiek bete daitezen.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 17a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad