ABENDUAK 18: MIGRATZAILEEN NAZIOARTEKO EGUNA


Egun honetan, Arartekoak eskatzen du migratzaileen eskubideak aitortzen aurrera egin dadila, bizitza duina izan dezaten eta mugak ez daitezen aitzakiatzat hartu pertsonei tratu iraingarri eta umiliagarria emateko.


Vitoria-Gasteiz

Bihar Migratzailearen Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, Arartekoak migratzaileei elkartasuna adierazi nahi die, eta giza eskubideen unibertsaltasuna aldezteko konpromisoa adierazi nahi du berriro.

Kontuan hartuta gero eta migrazio gehiago dagoela eta pertsona guztiak duintasun eta eskubide berberekin jaiotzen direla, Nazio Batuen Batzar Nagusiak migratzaileen egun izendatu zuen egun hori, eta, horrela, haien eskubideak aitortzen eta babesten lagundu.

Migrazioa gizakiaren jomuga bat izaten da zailtasun egoeretan; pobreziak, indarkeriak, naturako hondamenek, etorkizun hobea lortzera mugiarazten ditu pertsonak, beraientzat edo beren seme-alabentzat. Emakumeak eta umeak migratzaileen erdiak dira, gutxi gorabehera. Egoera zaurgarriagoan daudenez gero, genero-ikuspegia duten politika publikoak, araudia eta programak behar dira, indarkeriari aurre egiteko (pertsonen salerosketa eta bereizkeria barne direla) eta etxeko lanetan diharduten emakumeak babesteko.

Nazioarteko Migrazio eta Garapenari buruzko Goi Mailako Elkarrizketaren Adierazpenean Nazio Batuen Batzar Nagusiak aitortzen duenez, migratzaileek lagundu egiten dute jatorrizko, joan-etorriko eta helmugako herrialdeak garatzen, eta zenbait erronka dakartza berekin migrazioa seguru, modu ordenatuan eta giza eskubideak erabat betez egiteak.

Euskadin, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak azterlan hau egin du oraintsu: Atzerritik iritsitako etorkinen eragina euskal ekonomian eta demografian. Lan horretan Behatokiak ere ondorioztatu du atzerritarrek EAEn egiten duen diru-ekarpenaren saldoa aldekoa dela, bai ekonomia-oparoaldian (2008), bai krisialdian ere (2012).

Migratzaileen eskubideak aitortzearen arloan aurrera egin nahi bada, ezinbestekoa da migratzeko eskubidea oinarrizko giza eskubide babestutzat aitor dadin, eta hitzarmen-itunak onar daitezen, hala nola Langile migratzaile guztien eta beren familien eskubideak babesteari buruzko Nazioarteko Hitzarmena. Tamalez, oso estatu gutxik berretsi dute hitzarmen hori. Neurri berriak behar dira, Migrazioaren gaineko Munduko Taldearen eta Europar Batasunaren buruzagitza sendoagoa, eztabaida foroak (adibidez, Migrazioari eta Garapenari buruzko Munduko Foroa), fondoak eta programak, XXI. mendeko migrazio-mugimenduak sortzen ari diren giza hondamena eta familia askoren mina eragozteko. Nazioarteko migrazioa zertan den ikusita, eta migratzaileei (beraien jatorria, erlijioa edo kultura alde batera utzita) babes handiagoa eman behar zaiela sinetsita, berriz gogoeta egin beharra dago nazioarteko beharrezko tresnen gainean. Gure mundua ezin daiteke izan ekonomia globala bakarrik, baizik eta baita ere denen eskubideak eta xedeak errespetatuko dituen komunitatea.

Egun honetan, Arartekoak eskatzen du gatazka belikotik ihesi datozen Siriako edo haren inguruko errefuxiatuei harrera egin dakiela, asilo eta aterpeari buruzko legeria betetzeko. Horrez gain, migratzaileen eskubideak aitortzeko bidean aurrera egin dadila eskatzen du, hasieratik bertatik bizitza duina izateko eskubidea izan dezaten eta mugak ez daitezen aitzakiatzat hartu pertsonei tratu iraingarri eta umiliagarria emateko.


Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 17a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad