ARARTEKOAK GOMENDATU DIO LANBIDERI % 65EKO EDO GEHIAGOKO EZGAITASUNA DUTEN ETA "SEME-ALABAREN BATEN ARDURA IZATEAGATIK" PRESTAZIOA JASOTZEA ERAGIN DUTEN PERTSONEI DIRU-SARRERAK BERMATZEKO ERRENTAREN OSAGARRIA EMAN DIEZAIELA


Halaber, eskatu dio berrikus ditzan diru-sarrerak bermatzeko errenta ¿pentsio osagarri modalitatean¿ eteteko eta azkentzeko prozedura batzuk. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak ez du gomendioa  onartu, pertsona horien oinarrizko beharrizanak asetuak daudela uste baitu.
Vitoria-Gasteiz

Kexa eta kontsulta ugari jaso ditu, Arartekoak, partikularrengandik zein erakundeetatik. Horien bidez kexagileek desadostasuna adierazi dute Lanbidek 18 urte bete dituzten eta % 65eko edo hortik gorako urritasuna duten pertsonei ematen dien tratuarekin; pertsona horiek, Gizarte Segurantzako prestazio ekonomikoa, "Seme-alabaren baten ardura izateagatik" prestazioa jasotzea eragin dute, horren titularrak ez badira ere. Laguntza hori "Seme-alabaren baten ardura izateagatiko prestazioa", (gaztelaniaz Prestación por Hijo/a a Cargo edo PHC) izenarekin da ezaguna.

Lanbidek seme-alabaren baten ardura izateagatik prestazioa jasotzen dutenak umezurtzak diren kasuetan soilik jotzen ditu pentsiodunen bizikidetza-unitatetzat, bai prestazioaren titularrak direnean, bai titularrak ez direnean, legez ezgaituak daudelako. Lanbideren ustez, prestazioa jasotzea eragiten duten gainerakoek ez daukate pentsio osagarri delakoa jasotzeko eskubiderik, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legean sartuta ez daudelako.

Arartekoaren iritziz, ezgaitasunen bat duten eta seme-alabaren baten ardura izateagatik prestazioa jasotzea eragin duten baina umezurtzak ez diren pertsonei pentsioaren osagarria ez emateko irizpidea ezin da objektiboki justifikatu, izan ere, ezgaitasun maila berdina edo txikiagoa duten beste pertsona batzuei ematen zaie prestazioa, umezurtza izan ala ez kontuan hartu gabe.

Gizarte Ongizateko fondoko pentsioaren edo ezintasun iraunkorragatik kotizaziopeko pentsioaren onuraduna, edo kotizazio gabeko baliaezintasun-pentsioaren onuraduna, muga funtzionalak eta lan egiteko zailtasunak dituen pertsona da. Pentsio horietako baten onuradunen kasuetan, adibidez, ezintasun iraunkorragatiko pentsioaren kasuan, ez dira kontuan hartzen gurasoen laneko diru-sarrerak.

Hortaz, kontua da pentsioaren osagarria emateko orduan ezintasun egoera elementu erabakigarritzat jotzea, gurasoek baliabide ekonomikoak dituzten ala ez kontuan hartu gabe.

Zera azpimarratu nahi dugu: prestazio hori ezintasunen bat duen pertsona bat dagoelako ematen da, eta ezintasun-egoerak eragiten ditu, besteak beste, lan egiteko zailtasunak edo aparteko gastuak, bizimodu autonomoa bultzatzeko. Hori dela eta, aipatzen ari garen prestazio guztiak antzekoak dira, beraz, bidezkoa dirudi berdin tratatzeak eta pentsio horiek eragiten dituzten pertsonak pentsioduntzat jotzeak.

Hori horrela bada, kasu horretan, badirudi justifikatuta dagoela, baita ere, seme-alabaren baten ardura izateagatik jasotzen den prestazioa diru-sarrera gisa zenbatzea diru-sarrerak bermatzeko errentaren ondorioetarako; izan ere, horrela gertatzen da Lanbide pentsioaren osagarria ematea aztertzen ari den kasuetan, hau da, umezurtza denean eta seme-alabaren baten ardura izateagatik prestazioa jasotzen denean.

Pertsona desgaituen eskubideei buruzko Konbentzioa onartzeak paradigmaren aldaketa ekarri du eta ezintasunari arreta ematen dion eta giza-eskubideetan oinarritutako gizarte eredu bat du helburu; eredu horretan pertsona ezinduak bizitza-alderdi guztietan ¿gizabanako zein kolektibo gisa¿ erabakiak hartzeko gai izatea eta pixkanaka-pixkanaka autonomia pertsonala lortzea bideratu behar da, gizarte hartzailea eta inor diskriminatzen ez duena bermatzeko.

Ekintza positiboari buruzko neurriak hartzea dakar horrek, ebazpen honen xede diren bezalakoak, ezgaitasunen bat duen pertsona batek bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean erabat parte hartzeko duen desabantaila saihestu edo orekatzeko.

Hala ere, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak erantzun dio Arartekoari ez dituela seme-alabaren baten ardura izateagatik prestazioa jasotzen duten pertsonak pentsiodunen bizikidetza-unitate berezitzat joko, eta ondorioz, ez die ordainduko diru-sarrerak bermatzeko errentaren osagarria.

Prestazio horren familia-izaerari loturiko arrazoiez gain, aipatzen du pertsona ezinduen kolektiboari dagoeneko ematen zaiola arreta eta babesa beste hainbat arlotan: osasungintzan eta Osakidetzan, garraioan, kulturan eta hezkuntzan programa bereziak garatu eta laguntzeko neurriak hartzen ari dira, eta gainera, udalek eta foru aldundiek gizarte-ongizate eta -zerbitzuen arloan ere euren eskumenak erabiltzen dituzte.

Ondorioz, Lanbideren ustez, pertsona horien oinarrizko beharrizanei dagoeneko erantzuten zaie eta ez dago babes-plus hori ematerik.

Gasteiz, 2015eko urriaren 6a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad