EZOHIKO TXOSTENA, EUSKADIN HERRITARRAK IKT-EN BIDEZ ARLO SOZIAL ETA PUBLIKOAN ELEKTRONIKOKI BARNERATZEARI ETA PARTE HARTZEARI BURUZKOA



Vitoria-Gasteiz

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT), lehen gure bizitzen osagarri zirenak, modu zeharkako eta iraunkorrean barneratu dira orain. Presente daude eskolan, lanean, administrazioekiko eta banku-erakundeekiko harremanetan, ondo pasatzeko eta komunikatzeko dugun eran... Hainbesteraino daude presente, non teknologia horiek ez ezagutzea eta ez erabiltzea gizarte-bazterketa sortzen duten faktoretzat har litezkeen gure gaur egungo gizartean.

Krisi orokorreko eta ezinegon sozialeko testuinguru honek agerian jartzen du badirela erronka berri eta zaharrak, eta erronka horiek jarduteko modu berriak behar dituztela, eta herritarrek parte hartzea ere beharrezkoa dela. IKTek parte-hartze hori erraztu eta bultza dezakete. Horregatik ikertu nahi izan dugu euskal gizartearen e-inklusioa zenbaterainokoa den, kanpoan nor ari den geratzen, beharrezkotzat sumatzen ote den eta parte hartzera zerk bultzatzen gaituen.

Pertsonak ahalduntze digitalaren fase batean eta bestean daudela kontuan hartuta, hainbat arrakala digital daudela esan genezake:

· Sarbidearen arrakala digitala.
· Erabileraren arrakala digitala.
· Jabetzearen arrakala digitala.
· Parte-hartzearen arrakala digitala.

Banaketa hori kontuan hartuta, beharrezkoa da ikertzea zein diren arrakala digital batean eta bestean dauden pertsonak edo taldeak, zein faktore dauden arrakala horien atzean, eta zein diren ezarri beharreko neurri zuzentzaileak, politika publikoen bidez arrakala horiek gutxitu ahal izateko.

Azken emaitza gisa, Arartekoak, gogoeta egiteaz gain eta datuak eta ondorioak biltzeaz gain, euskal administrazio publikoentzako hainbat gomendio landu ditu IKTen sustapenean epe labur eta ertainera eragin beharreko alderdien inguruan, arrakala digitalak erauzteko bidean aurrera egiteko, gizarte-ongizate aldetik sozialki ahulen diren talde sozialen, gutxiengo etnikoen eta kolektiboen sarbidea bermatzeko xedez.



ONDORIOAK. (41 dira guztira, baina esanguratsuenak laburbilduko ditugu)

Sarbidearen arrakala digitala

Nahiz eta eskuarki arrakala digitala gainditutzat ematen den, dirudienez, datuek aurkakoa adierazten digute: euskal familien % 34,2k (non kideetako batek gutxienez 16 eta 74 urte bitartean dituen) ez dute Interneteko konexiorik.

Ez dirudi Euskadiko telekomunikazio-azpiegituren erabilgarritasuna denik sarbidearen arrakalaren arrazoi nagusia. Interneteko konexiorik ez duten etxeen % 0,3k soilik ematen dute arrazoitzat beren bizigunean estaldurarik ez izatea.

Zerbitzuaren kostu handia azken lekuan dago Interneteko konexiorik ez duten euskal familiek emandako arrazoien rankingean. Sailkapenaren buruan daude konektatzeko borondaterik edo beharrik ez izatea, eta erabiltzeko beharrezkoa den ezagutzarik ez izatea.

Adina eta IKT ekipamendua hertsiki loturik daude. 65 eta 74 urte bitarteko kide bat duten familien % 70,7k ez dute ordenagailurik, eta % 73,4k ez dute Interneteko konexiorik.

Adineko pertsonen artean IKTetara sartzeko oztopo nagusia da ez dutela teknologia horiek eskuratzeko beharrik edo guraririk. Gutxienez 65 eta 74 urte bitarteko kide bat duten familien ia % 70ek adierazi dute faktore hori Interneterako sarbiderik ez izateko arrazoi nagusitzat.

Etorkinen eta dibertsitate funtzionala dutenen taldeak ez dira sartzen IKTetarako sarbideei buruzko datuak ematen dizkiguten estatistiketan.


Erabileraren arrakala digitala

Euskadiko biztanleriak IKTen erabileran izan duen bilakaera konstantea izan da. 2006an, biztanleriaren % 47,4k (10 eta 74 urte bitartean) erabiltzen zuen Internet; 2011n, ehuneko hori % 65,3ra igo da.

Euskadiko biztanleen % 37,4k (10 eta 74 urte bitartekoek) ez dute Internet erabili azken 3 hilabetean.
65 urtetik gorako biztanleen % 86,1ek ez dute ordenagailurik erabiltzen, eta % 87,1ek adierazi dute ez dutela Internet erabili azken 3 hilabetean.

Sakelako telefonoak lortu du erabileraren arrakalari itzuri egitea adineko pertsonen artean (sarbidearen arrakala digitalarekin bezalaxe). Eustaten azken datuen arabera, 65 urtetik gorako pertsonen % 88k adierazi dute sakelako telefonoa erabiltzen dutela.

Euskadiko biztanleen artean, generoaren arrakala nagusiki 45 eta 54 urte bitartekoen adin-tartean ageri da IKTen erabilerari dagokionez, eta arrakala hori areagotu egiten da adinean gora egin ahala.

Ikasketa-maila apala izateak (lehen mailako ikasketak edo hortik beherakoak) edo inaktibitate-egoeran egoteak (langabeak) lotura zuzena dute IKTen erabilera-portzentaje txikiekin.

Interneteko erabiltzaileen artean, gehienek lanerako eta ikasketetarako erabiltzen dute tresna hau egunero, bai eta lagunekin eta senitartekoekin harremanetan jartzeko ere.

Internet erabiltzeko duten arrazoia osasunari, enpleguari edo prestakuntzari buruzko informazioa bilatzea dela aipatu dutenak beste arrazoi hauen atzetik kokatzen dira rankingean: informazioa bilatzea, posta elektronikoa erabiltzea, komunikabideak kontsultatzea edo aisialdi-zerbitzuak erabiltzea.

Jabetzearen arrakala digitala

Euskadin, Interneten erabiltzaile diren biztanleen % 13,5ek uste dute Interneten edo IKTen erabilerak ez diela hobekuntza zehatzik ekarri beren bizitzetako ezein arlotan.

Portzentaje hori ia % 20ra ere igotzen da adinekoei buruz ari garelarik.

Sexuaren arabera, emakumeek IKTen erabileraren eragin positibo handiagoa sumatzen dute faktore hauetan: gizarte-harremanak izatea, beren lan-egoera hobetzea, denbora aurreztea izapideak egiteko orduan, beren prestakuntza hobetzea eta lana bilatzea.

Etorkinen portzentaje handi batek (% 65,5) adierazi du IKTek eragin positiboa izan duela bere harreman pertsonaletan; aldiz, ez dute uste lana bilatzea erraztu dietenik edo haien lan-egoera hobetzeko arrazoia izan direnik.

Herritarrek uste dute alderdi hauetan izan dutela IKTek eragin positiborik handiena: erakundeak herritarrengana gerturatzea, bizi-kalitatea hobetzea eta herritarrek erakundeetan gehiago parte hartzea.

Aldiz, gizarte-ongizatea hobetzen duten alderdien artean, osasun pertsonala hobetzeko eta gizarte-desberdintasunak gutxitzeko alderdietan identifikatu du biztanleriak IKTen erabileraren eragin positiborik txikiena.

IKTen arloko gaikuntza pertsonala hautemateko moduari dagokionez, inkestatutako biztanleriaren % 15ek dio ez duela gaur egun lan-merkatuak IKTen arloan eskatzen duen gaikuntzarik, eta % 25,7k baieztatu du ez lukeela jakingo nora jo IKTen arloan gaitasun berriak eskuratu behar izanez gero.

Biztanleen % 94,5ek adierazi dute IKTen erabilerari buruzko ikaskuntza guztiz autodidakta izan dutela euren kasuan; hala ere, adineko pertsonek adierazi dute ikastaro edo lantegien bidez trebatu direla.

Biztanleen % 68,1ek adierazi dute probetxu handiagoa atera nahiko lioketela IKTen erabilerari, eta Interneten erabiltzaile diren biztanleen % 56,6k uste dute IKTak erabiltzeko aukerarik ez izatea gizartean baztertuta geratzeko zio ere izan litekeela.

Parte-hartzearen arrakala digitala

Euskadiko biztanleek zein arrazoirengatik parte hartzen duten galdetu dugunean, soilik % 27k aipatu dute motibazio gisa erabakiak hartzen parte hartzeko aukera. Portzentaje hori zuzenean loturik dago adinaren aldagaiarekin: Zenbat eta adinean aurrerago, orduan eta motibazio txikiagoa erabakiak hartzen parte hartzeko.

Herritarren parte-hartzeak norberarengan edo komunitatean duen eraginari dagokionez, biztanleriaren % 33,6k uste du bere parte-hartzea ez dela oso baliagarria, eta % 25,9k uste du ez duela inolako eraginik. Adinaren arabera, parte-hartzea modu positiboan hautematen dutenak gehiago dira adin-tarteetan gorantz egin ahala.

Etorkizunean parte-hartzearen inguruan zer espero duten galdetuta, biztanleen % 37,4k adierazi dute gehiago parte hartu nahiko luketela. % 39,9k adierazi dute parte-hartze hori Internet bidez izatea nahiko luketela, eta % 28,6k, ostera, aurrez aurreko bideen bitartez parte hartu nahiko luketela. Edonola ere, zalantzarik ez da eskuarki Internet erabiltzen dutenek interes handiagoa agertzen dutela gai soziopolitikoetan, eta hauteskundeetan gehiago parte hartzen dutela, bai eta boluntariotzarekin loturiko elkarte eta ekintzetan ere.

Biztanleen % 11,3k Internet bidez parte hartzen dute arlo publikoarekin loturiko gaietan, eta horietatik % 69,9k nahiago dute instituzioez besteko webguneen bidez parte hartu.

Administrazioko zerbitzuekin elkarreraginean aritzeko moduari dagokionez, % 41,2k adierazi dute nahiago dutela Internet bidez jardun, eta % 45ek, berriz, nahiago dute aurrez aurre.

Euskadiko Administrazio Publikoren batekin izapide elektronikoren bat egin duten biztanleen % 4,5ek soilik adierazi dute esperientzia ez dela gogobetegarria izan. Pozik ez egoteko arrazoi nagusiak dira izapidea egiteko webgunea ez zela erabiltzen erraza eta ezin izan zutela eskuratu bilatzen edo eskatzen zuten informazioa.

Aztertutako euskal administrazio publikoen atarietan herritarrek parte hartzeko dituzten tresnei dagokienez, batik bat, kexen eta iradokizunen atalak, inkestetarako atalak eta foroak ageri dira. Gabezia handiak detektatu dira parte hartzeko prozesuak bide digitaletara eramateko moduari dagokionez.

Euskal administrazio publikoak hasiak dira herritarren parte-hartzea sustatzeko pausoak ematen, eta batzuek besteek baino landuagoa dute arlo hori, administrazio-mailaren arabera (Eusko Jaurlaritza, aldundiak, udalak), besteak beste ekimen hauen bidez: datu publikoak irekitzea, bide elektronikoak erabilgarri jartzea eskatzeko eskubidea baliatzeko, web irisgarritasuna...

Gabezia garrantzitsu bat hauteman da: berariazko esparru arauemailerik ez izatea herritarrek euskal administrazio publikoetan nola parte hartuko duten arautu eta herritarrek Internet bidez arlo publikoan nola parte duten jasotzeko.


GOMENDIOAK

Gomendioak (guztira 39) bi multzo handitan bildu ditugu: e-inklusioari dagozkionak (22) eta parte-hartze sozialari dagozkionak (17).


E-inklusioari dagokionez

Adinak, diru-sarreren mailak eta jatorri geografikoak argiro eragozten dute IKTen bidezko inklusioa.

IKTak erabiltzeko interesik ez duten pertsonen ehuneko bat badela alde batera utzita, gainerakoek era guztietako zailtasunak identifikatzen dituzte: kostua, ezagutza informatikorik ez izatea, ematen dituzten abantailen kontzientziarik ez izatea, ez jakitea non bilatu.

Horregatik, administrazio publikoei gomendatzen diegu diseina ditzatela bizitzan zehar IKTen ikaskuntza barneratuko duten programak, lagundu dezatela enplegagarritasuna, indartu ditzatela gizarteratzeari loturiko gaitasun digitalak, gerturatu ditzatela IKTak adineko pertsonengana, eman dezatela modua bide horretatik autonomia pertsonala lortzeko, baliozta dezatela gizarte-erakundeek arrakala digitala gutxitzeko egiten dutena, zehaztu dezatela eskumen digitalen esparrua, IKTen arloan gaitzeko eta bikoiztasunak saihesteko erreferentea sortuta komunitatean, erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza sustatuz, e-inklusioari lotutako profil profesional berriak sortuz, are aholkulari digitalak sortuz, bai eta adingabe eta gazteen artean Interneten erabilera segurua sustatuz ere.


Parte-hartze elektronikoari dagokionez

Ikusten da badela arlo publikoan parte hartzeko nahi bat; izan ere, bide elektronikoa eta aurrez aurreko aukerak ia parekaturik daude, eta, nagusiki, instituzioez besteko webguneak dira gogokoenak; horrez gain, agerikoa da oraindik ez dela ikusten parte-hartze horren egiazko erabilgarritasun eta eraginik.

Parte hartu duten pertsonek adierazi dute ez dutela bueltan jaso beren parte-hartzearen emaitzarik: zer egin duten harekin, kontuan hartu ote duten edo ez; eta adierazi dute ez dela feedback-ik egon sustatzaileen aldetik. Beharrezkoa eta premiazkoa da esparru arauemaile bat sortzea parte-hartze sozialaren, parte hartzeko moduen eta ondorioen oinarriak ezartzeko. Horri dagokionez, gogorarazi behar dugu Arartekoak jadanik 2011. urtean, demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruz egindako Gomendio Orokorrean, adierazi zuela zein printzipio jotzen dituen ezinbestekotzat herritarren parte-hartze hori legitimatu, bideratu eta egituratzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 25a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Txosten bereziak
E-inklusioa eta Euskadin herritarrek ikten bitartez gizartean eta eremu publikoan parte hartzea E-inklusioa eta Euskadin herritarrek ikten bitartez gizartean eta eremu publikoan parte hartzea
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad