Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari gomendatu dio berriz azter dezala etxebizitza bat zuzenean esleitzeko eskaera ukatzeko erabakia

Arartekoak izapidetzeko onartu zuen etxebizitza-premia larria zuela zioen herritar baten kexa. Kexagilea udalaren titulartasuneko gizarte-larrialdietako etxebizitza batean bizi zen, 62 urteko amarekin eta 4 urteko alabarekin. Amak %70eko desgaitasuna eta I. mendekotasun-maila ditu. Adierazi zuenez, bigarren aldiz eman zieten baliabide hura erabiltzeko aukera, ezin baitzuten merkatu libreko etxebizitzarik alokatu bizi diren udalerrian. Alabaina, udalaren jakinarazpen bat jaso zuten. Bertan, etxebizitza uzteko agindu zieten, aurreikusitako gehieneko egonaldia gainditu zutela egiaztatu zutelako. 

Arartekoak udalari informazioa eskatu zion oinarrizko gizarte-zerbitzuek egindako jarduerez. Bere erantzunean adierazi zuen zuzeneko esleipenak telematikoki izapidetzen direla, EAEko egoitza elektronikoaren bidez. Gainera, bere esanean, eskura zeuzkaten baliabide guztiak martxan jarri zituzten arren, udalak ez dauka familia-unitate horrentzat baldintza egokiak dituen etxebizitzarik. Hori dela eta, ezohiko prozeduraren bitartez etxebizitza bat errentamendu-erregimenean esleitzeko eskatu zuen. 

Geroago, Arartekoak laguntza eskatu zion Etxebizitza Sailari, eta galdetu zion ea zergatik ez zeukaten Etxebizitza sailburuordearen ebazpena ez oinarrizko gizarte-zerbitzuek, ez kexagileak berak, eskaera ukatzeko oinarritzat erabili ziren arrazoi zehatzak ezagutu ahal izateko. Orobat, Sailburuordetzak erabilitako informatika-aplikazioaren berri galdetu zion, izan ere, oinarrizko gizarte-zerbitzuen esanean, aplikazio hark eragotzi egiten zuen etxebizitza-premia berezia egiaztatuta zuten taldeen eskaerak izapidetzea. 

Etxebizitza Sailak bere erantzunean argudiatu zuenez, kexagilea eta bere bizikidetza-unitatea ez zeuden ezohiko prozeduraren bidez esleitzea baloratu ahal izateko aurreikusita dauden kasuetako bakar batean ere. Horren haritik, adierazi zuen etxebizitza premia larria dutela esanez oinarrizko gizarte-zerbitzuetara joaten diren pertsonak ez direla interesatuak. Horregatik, berretsi zuen prozedura hartan ez zela inolako ebazpenik eman. 

Hala ere, Arartekoak gogorarazi du 39/2008 Dekretuak aintzat hartzen duela etxebizitza-premia berezia duten taldeek etxebizitza bat eskuratzeko aukera; berariaz, bizikidetza-unitateko titularretako bat gutxienez, honako talde hauetako batekoa baldin bada: "...desgaitasun intelektual edo garapen-desgaitasunen bat duten pertsonak eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonak, familia gurasobakarrak…”

Arartekoak uste du, eta halaxe argudiatu du juridikoki, bizikidetza-unitate horren egoera etxebizitza-premia berezia duen taldean sartzen dela eta, beraz, arauz xedatutako kasuen barruan. 

Beraz, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari gomendatu dio berriz azter dezala etxebizitza bat zuzenean esleitzeko eskaera ukatzeko erabakia, eta behar bezala ebalua dezala haren udaleko oinarrizko gizarte-zerbitzuek egiaztatu duten etxebizitza-premia larriko egoera.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 7a