Konstituzio Zuzenbideko irakasle izan nintzenean, ikasleei Arartekoaren
eginkizunak azaltzen nizkien, eskubideak bermatzeko zeregin garrantzitsua
azpimarratuz. 2004ko ekainean ararteko hautatu nindutenean, euskal
autogobernurako erakunde honen ahalmenei ahalik eta zukurik gehiena
ateratzea hartu nuen xede. Horretarako, hedapenik handiena eman behar
zitzaion, albait gehien indartu bere itzala eta bere sinesgarritasuna,
eragingarriagoa izan zedin; etengabe lan egin beharra zegoen erakundearen
eraginkortasuna hobetzeko, gai publikoak kudeatzen ditugunok ahalik eta
errentagarriena bihurtu behar baitugu xahutzen den euro bakoitza. Orobat,
argi ikusi nuen aliantza estrategiko sendo eta iraunkorra landu behar genuela
euskal gizarte-erakundeekin, zenbaitetan behar bezala baloratzen ez den
gizarte-ondasun bikaina baitira. Aliantza hori behar genuen, jarduera eta
politika publikoen akatsak eta gabeziak adieraz ziezazkiguten, gure antenak
izan zitezen eta, azken batean, denon artean egunetik egunera eskubideak
hobeto babesten lagundu genezan. Arartekoa bezalako erakunde batek
-
pertsonen eskubideak bermatzeko sortu zuten Eusko Legebiltzarraren goi
mandatari gisa definitzen baita- nahitaez ahalegindu behar du Euskadin bizi
diren pertsona guztiek, beren eskubideak baliatzeko orduan, egiaz zer egoera
aurkitzen duten jakiteko informazio guztia eskuratzen.
Ikaragarri hazi da Arartekoa jardunean daraman 25 urteko aldian. Bere lehen
urteko 585 kexa haiek ugarituz joan dira, 2013an euskal herritarrei artatzeko
12.507
jardueren kopurura iritsi arte (horietatik 9.610 kexak). Arartekoan
behar egiten dugun taldeak lan-arloak zabaldu ditugu, 28ra hain zuzen,
gure lanaren eragingarritasuna eta eraginkortasuna areagotzeko. Haur
eta Nerabeentzako Bulegoa sortu dugu. Erantzuteko epeak hobetu ditugu,
adierazle egokiak ezarriz. Kalitate-konpromiso zehatzak hartu ditugu geure
gain, Zerbitzu Kartaren bitartez. Eskubideen, gardentasunaren eta informazio
publikoa eskuratzearen gaineko Karta bat prestatu dugu. Funtsean aldatu
ditugu gure argitalpenak, papera ezinbesteko gutxienekora murriztuz, diseinu
erakargarriagoak eginez, eta erabilgarritasuna, formatu irekiak eta edukiak
berrerabiltzea ahalbidetuz. Web berri bat sortu dugu, funtzionaltasuna,
gardentasuna eta herritarrentzako zerbitzuak optimizatzea oinarritzat
hartuta. Informazioa ematen ari gara Twitterren bitartez, herritarrekin
elkarri eraginez jarduten ari gara gizarte-sareetan. Ekoskan ziurtagiria lortu
dugu, ingurumenarekin egunero hartu ditugun jarduera-konpromisoengatik.
Gure lanak zer-nolako eragina duen aztertu dugu gizarte-erakundeekin
eta administrazioarekin. Plan estrategiko bat ere prestatu dugu; hortik
jarduera-plan batzuk sortu dira, berraztertu eta ebaluatu daitezkeenak,
eragingarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko. Orobat, helburu berarekin,
lan-prozesuak birmoldatu ditugu, aplikazio berriak eskuratuta.
4