Arartekoaren erakunde-adierazpena, Arrazagatiko Bereizkeria Deuseztatzeko Nazioarteko Eguna dela eta

2018 martxoaren 21a

Arartekoak ahotsa goratu du kulturagatik edo etniagatik gizartean gaitzespen-jarrera agertzearen kontra, eta berdintasuna eta giza eskubideak defendatzeko konpromiso argia berretsi du.

Egun seinalatu honetan gogorarazi behar da oso ondorio txarrak ekartzen dituztela pertsona guztien arteko bizikidetzarako oztopoak jartzen dituztenek eta gizartean aniztasuna errespetatzen duen gizarte-harremana eragozten dutenek. Egun hau gertakari beldurgarri batengatik gogoratzen da historian barrena: hain zuzen, 1960. urtean, Hegoafrikako manifestazio baketsua egiten ari ziren 69 lagun hil zituztelako Apartheid garaian (arrazak bereizteko legezko sistema hori indarrean egon zen 1992. urtera arte).

Horregatik, ezin dugu ahaztu oso eragin kaltegarria dutela talde jakin batzuen kontrako diskurtsoek, talde horietako kideengana hurbiltzea galarazten baitute.

Tolerantziarik ezak bereizkeriazko portaerak sortzen ditu eremu askotan, eta portaera horiek zaildu egiten dute bizimodu duina izateko eskubidea gauzatzea, esate baterako, etxebizitza bat eta beste gizarte-prestazio batzuk eskuratzea. Talde kalteberei bereziki eragiten die, ia beti gutxiengoetako kideei.

Etxebizitza bat lortu ezinak eragina izaten du pertsonen garapenean eta bere gainontzeko oinarrizko eskubideak baliatzean. Beraz, botere publikoek beharrezko jarduerak burutu behar dituzte ekainaren 18ko 3/2015 Legean araututako eskubidea gauzatuko dela bermatzeko, bereizkeriarik gabe. Horretarako, kontuan izan behar da kontalari bereziak berriki aurkeztu duen Txostena etxebizitza egokiari buruz (bizimodu egokia izateko eskubidearen osagai bezala) eta bereizkeriarik ez jasateko eskubideari buruz. Txosten horretan nabarmentzen da zer-nolako balioa duen giza eskubideetan oinarritutako etxebizitza-estrategiak.

Ezinbestean uztartuta joan behar dute garapen teknologiko eta ekonomikoak eta giza eskubideak errespetatuko direla eraginkortasunez bermatzeak. Gizarte demokratiko aurreratuak bere partaide guztien artean eraiki behar dira, gizartean, kulturan eta ekonomian inor baztertu gabe parte hartuta. Hezkuntza-, gizarte-, lan- edo kultura-proposamen barneratzaileak funtsezko tresnak dira arrazakeriagatiko bereizkeriaren kontra borrokatzeko eta oraingo eta geroko erronkei aurre egiteko gai izango den gizarte kohesionatua lortzeko.

Egun honetan, Arartekoak berdintasuna eta giza eskubideak defendatzeko konpromiso argia berresten du, eta erabat gaitzesten du bereizkeriazko edo arrazakeriazko edozein adierazpen.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 20a