Arartekoaren erakunde- adierazpena, Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna dela eta

2016ko apirilaren 8a

Egun hau ospatzean, Arartekoak elkartasuna adierazten dio ijito herriari, izan ere, historian barrena behin eta berriz jasan ditu, guztiz bidegabeki, era askotako bereizkeria eta tratu txarrak. Arartekoak ahaleginak egiten ditu herritarrak ijitoen sufrimenduarekiko sentikorrago bihur daitezen, eta hainbat politika publiko bultzatzen ditu ijitoen giza eskubideen urratze horien kontra aktiboki borrokatzeko. Horrela, ijitoak gizarteratzea eta gaur egungo euskal gizartean, kulturan eta ekonomian erabat parte hartzea sustatzen du.

Aurten berariaz nabarmendu nahi dugu hezkuntza-neurriak hartu behar direla eskola-porrotari aurre egiteko, haur eta gazte ijitoak behar bezala hezi eta trebatu ahal izateko, prestakuntza ezinbestekoa baita lan-merkatuan duintasunez sartzea errazteko. Arartekoak helburu horiek lortzeko modurik onena zein den hausnar dadin eskatzen du, eta talde horren hezkuntza- eta lanbide-prestakuntza hobetzeko balio duten proposamen berriztatzaileak aldezten ditu. Horrela gehitu egiten dira ijitoek prekariotasun-egoerak gainditzeko dituzten aukerak, oraindik ere egoera gehiegitan pairatzen baitituzte halakoak.

Ijitoek eskubidea dute, baita betebeharra ere, osatzen duten gizarteko lan- eta ekonomia-bizitza garatzen laguntzeko. Kendu egin behar dira oraindik jasaten dituzten trabak, bereizkeriaren kontrako neurriak hartuz eta ijitoak hezten, arduratsu eta parte-hartzaile bihurtzen lagunduko duten politika publikoak ezarriz. Gure gizarteak politika barneratzaileak behar ditu, gizarte hori osatzen duten kultura askotako taldeen erabateko partaidetza berma dadin. Horren haritik, ijitoak gizarte-talde ahula dira, eta haien iritzia eta premiak kontuan hartu behar dira erabaki publikoak hartzeko orduan, giza eskubideak errespetatzen dituen benetako historia komun batez hitz egin ahal izateko. Hori saihestezina da bizikidetzarako, gizarte-kohesiorako eta euskal eta europar gizartearen etorkizunerako.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 7a