Azaroaren 16a, Ijito Herriaren Eguna Euskadin

Arartekoak bat egiten du Euskadin Ijito Herriaren Eguna ospatzearekin, eta pozten da ijitoen komunitateak ekarpen aberasgarria egin diolako euskal herriko gizarte-, kultura- eta ekonomia-bizitzari elkarrekin harremanetan egon diren 600 urte baino gehiagotan. Pozten da, orobat, azken hamarkadetan egin diren aurrerapenengatik, Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseiluaren parte-hartzeari eta inplikazioari esker.


Ontzat jotzen du Europar Batasuneko Kontseiluak joan den urriaren 9an lortu berri duen Akordioa, zeinetan onartzen baita ijito herriak egoera larria bizi duela etxebizitzari dagokionez, eta ez dela aurrerapenik egin arazo horri heltzeko orduan. Horregatik, Europar Batasunak neurri-multzo bat diseinatu du ijito biztanleek etxebizitza egoki eta bereizi gabe bat berdintasunez eskura dezaten bermatzeko, eta asentamendu bereizien gai korapilatsua konpontzeko. Arazo hori errotik ateratzeko, Europako funtsetatik datozen finantza-baliabideak jarri ditu, auzo behartsuetan beharrezkoak diren azpiegiturak mantentzeko edo hobetzeko.

Orobat, egun honetan, Arartekoari garrantzitsua iruditzen zaio ijito herriarekin Euskal estrategia erabat bete dadin eskatzea, eta, zehazkiago, Arartekoak bere azterlan honetan egindako gomendioak: Diskriminazioa eta diskriminazioaren aurkako politika publikoak EAE-n. Besteak beste, neurriak har daitezela ijito biztanleen irudi benetakoagoa eta egokiagoa emateko, beren kultura eta euskal gizartean duten parte-hartze aktiboa aintzat hartuz. Gainera, eskatzen du eraginkortasunez aplika daitezela antigitanismoaren aurka eta ijitoek oraindik pairatzen duten diskriminazioaren aurka borrokatzeko aurreikusi diren legezko neurriak. Lapurtutako duintasuna lehengoratzeko konpromiso irmorik ez badago, betikotu egingo da ijito herriaren aurkako bidegabekeria historikoa, gure herrialdearen gizarte-kohesioaren kaltetan.