"Bakarrik dauden adin txikiko atzerritarren egoera EAEn" TXOSTEN BEREZIA

  • Aldian behin, bakarrik dauden adin txikiko atzerritarrei buruzko berriak agertzen dira hedabideetan. Berri kezkagarriak izan ohi dira gehienetan: harrera-zentroak gainezka daudela, halako zentrotan gatazka larria sortu dela, honelako edo halako udalerritan ez dutela haientzako zerbitzu berririk ireki nahi... Errealitatean oinarrituriko berri horiek, pixkanaka, nerabe edo gazte talde bereziki gatazkatsu baten aurrean gaudelako irudi soziala sortzen ari dira, edo lehengo irudia indartzen. (Ikus txosteneko agirien eranskinean -255.etik 258.era bitarteko orrialdeetan gaztetxo horien gaineko prentsako tituluen lagin bat.)

    Hala ere, errealitate globalak, oro har begiratuta, ez dauka zerikusi handirik irudi horrekin. Azken urteotan, bakarrik zeuden 2.118 adin txikiko atzerritarri eskaini zaie arreta. Gure babes-erakundeetan denboralditxo bat egon diren gaztetxoetatik gehienek batez ere gizarteratzeko gutxienezko aukerak eskaini zaizkienean bikain aprobetxatu dute denbora hori, hizkuntzaren ezaguera hobetzeko, lanbide-kualifikazio bat lortzeko eta lanean hasteko. Horietatik askok, izatez, 18 urte bete zituzten eta beren kabuz bizi dira gure artean.

  • Txosten honetan sakonki aztertu nahi izan dugu adingabe horien egoera gure erkidegoan, erkidegoko lurralde bakoitzean eta, areago, harrera-zentro edo etxe bakoitzean. Horretarako, aldizka joan gara zentro horiek ikustera. Txosten hau prestatzeko, Arartekoak jarraipen-lan sistematikoa hasi zuenetik, alegia, 1998tik orain dela gutxi arte bildu dugun informazioa erabili da. Txostenean eskaintzen diren datuak batik bat 2004. urtekoak dira; urte horretan, 376 adin txikiko atzerritar hartu zituzten zentroetan: 50 Araban, 228 Bizkaian eta 98 Gipuzkoan.

  • Datu orokor batzuk:

    Azken 9 urteotan (1996-2004), bakarrik zeuden 2.118 adin txikiko atzerritar hartu dituzte, uneren batean, gure babes-zentroetan:

    • 2.026 mutil
    • 92 neska

    Lurraldeen arabera, honela banatzen dira:

    • Araban, 150 (% 7): 140 mutil eta 10 neska
    • Bizkaian, 1.117 (% 53): 1.068 mutil eta 49 neska
    • Gipuzkoan, 851 (% 40): 818 mutil eta 33 neska
    (Ikus urtez urteko bilakaera eta beste datu batzuk 19, 23 eta 26. tauletan)

    Datu horiek ez dira nahikoa, ordea, egiaz arretazko zein premia dauden ondo jakiteko. Batez ere adin txikiko horietako asko egun batzuk baino ez direlako egoten gure artean: zenbaitetan 18 urtetik beherakoak ez direla egiaztatzen delako eta harrera-zentroak utzi behar izaten dituztelako; beste zenbaitetan, beren itxaropenak betetzen ez direla ikusirik, beste norabait alde egiten dutelako.
    (Ikus egonaldiak, adibidez, 4 eta 12. grafikoetan)

    Une jakin batean egoera nolakoa zen oro har ikusteko, hona hemen 2004ko abenduaren 31ko datuak (zentroetan hartutako adin txikikoak):

    • Araban (zentro 1 eta zenbait plaza aterpetxean): 14 adin txikiko
    • Bizkaian (zentro 1, 3 etxe eta pisu batzuk): 162 adin txikiko
    • Gipuzkoan (2 zentro): 19 adin txikiko

    Hau da, 195 adin txikiko atzerritar, horietatik 64, Bizkaian, emantzipatzeko pisuetan zeuden, eta gainontzekoak (131) une hartan biztanleriaren sektore horrentzat berariaz jarritako gainerako 7 baliabideetan banatuta (zentroetan edo etxeetan); zentro edo etxe horiek 112 plaza zituzten eta haietan 100 profesionalek baino zertxobait gehiagok lan egiten zuten.
    (Ikus 17 eta 18. taulak)

    Txostenean 38 adin txikiko edo gazte atzerritarren 38 historia biltzen dira, elkarrizketatu genituen neska-mutilenak (33 mutil eta 5 neska). Historia horietan askotan beraien hitzak erabili dira. Historia bakoitza ezberdina da, baina alderdi komunak ere badituzte: gehienak Marokotik etorriak dira, han bizi dira beraien familiak, bide zail samarrak eginez iritsi dira hona, lehenbailehen lanean hasi nahi dute, beharrezkoa bada ogibide bat ikasi, bertako lagunak egiteko arazo larriak aurkitzen dituzte eta ia itxaropena galtzen dute paperak lortzea eta, neurri batean behintzat, beren itxaropenak betetzea izugarri zaila delako edo oso luze jotzen duelako (ikus historiak txostenaren 86.etik 105. orrialdera bitartean eta 7. eranskinean).

    ¿ Txostenaren egitura eta edukiak:

    Txostenean -aurkibidean bertan ikusten denez bost gai nagusi jorratzen dira:

    • Legeak zer exijitzen duen adin txikiko horien gainean, eta nori dagokion erantzukizunak bere gain hartzea (1. kapitulua. Arau esparrua).
    • Zenbat eta zeintzuk diren adin txikiko horiek, zein bereizgarri, behar eta itxaropen dituzten (2. kapitulua. Euskal Autonomia Erkidegoan hartutako bakarrik dauden adin txikiko atzerritarren ezaugarriak).
    • Zer-nolako erantzuna ematen ari zaien adin txikiko horiei lurralde bakoitzean edota zentroetan (3. kapitulua. Erakundeen erantzuna).
    • Erakundeek emandako erantzunean zein arazo nagusi antzeman diren (erantzun hori, legeak ezarritakoa eta adingabeek behar dutena konparatuz) (4. kapitulua. Balorazio orokorra. Antzemandako arazo nagusiak).
    • Arartekoak zer gomendio egiten dizkien administrazioei antzemandako arazoak gainditzeko (5. kapitulua. Gomendioak).

    Horiekin batera, sarrera-hitzak eta zati osagarriak ere ageri dira (adibidez, erabili ditugun informazio-iturriei buruz). Kopuruzko datuei dagokienez, txostenean 30 taula eta 18 grafiko eskaintzen dira, lurralde bakoitzean, zentro bakoitzean edo, oro har, gure autonomia erkidegoan izan den bilakaera ikusteko. Komeni da kontuan izatea etengabe aldatuz doan errealitatea dela eta hor azaltzen diren datuak 2004ko abenduaren 31n bukatzen direla.

    ¿ Hamar arazo garrantzitsuenak

    Erakundeak adin txikiko horiei ematen ari diren erantzunaz egin dugun balorazio orokorrean (txostenaren 4. kapitulua), hamar arazo hauek nabarmendu ditugu Arartekoaren ikuspegitik:

    1. Ez dago irizpide komunik adin txikiko horiek artatzean eta babestean, ezta erakundeen arteko koordinaziorik ere. Horren ondorioz, adingabeak toki batetik bestera joaten dira, hemen edo han lortzen duten edo lortzea espero duten erantzunaren arabera.
    2. Adin txikiko horientzako egoitza edo zentroek mugak dituzte, batez ere libre dagoen plaza kopuruari dagokienez; beraz, sarritan harrera-zentroak gainezka egoten dira.
    3. Baliabideen kudeaketari eta zentro horietan lan egiten duten profesionalen lan-egoerari lotutako gaiak (ratioak, prestakuntza, eskarmentua, bajak, laneko baldintzak...). Zentro horiek zuzentzen dituzten elkarteek berek kontratatzen dituzte profesional gehienak.
    4. Adin txikiko horiek gizarteratzea erraztuko luketen prozeduretan atzerapenak eta zailtasunak izaten dira, batik bat egoitza-baimenak eta lan-baimenak bideratzean, izan ere, askotan, hainbat urtez luzatzen da tramitazioa.
    5. Zailtasunak sortzen dira adin txikiko horiek eskolatzean eta beren hizkuntza-beharrei eta lanbide kualifikaziozko beharrei erantzutean.
    6. Mugak daude 18 urte betetzean emantzipatzeko aukerei dagokienez, batez ere ostatua eta lana lortzeko.
    7. Barneratzeko zentroetan hazten ari da adin txikiko lege-hausleen kopurua.
    8. Baliteke gure artean adin txikiko atzerritar batzuk babesik gabe egotea, ezein erakundek artatu gabe.
    9. Gabeziak nabaritzen dira osasun-zerbitzuetan eta osasunerako eskubidea bermatzerakoan, batik bat droga-kontsumo gatazkatsuak edo buruko gaixotasunak tartean direnean.
    10. Zenbaitetan, adin txikikoen talde horren irudi sozial jakin bat ematen edo indartzen da, multzo homogeneo eta bereziki gatazkatsua izango balitz bezala, aurkezpen honen hasieran esan dudanez.

    ¿ 36 gomendio

    Hainbat erakunderi egin dizkiegu: gehienak, hiru foru aldundiei, babes-arloan eskudunak baitira, baina beste batzuk, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, Osasun Sailari, Justizia Sailari edo Herrizaingo Sailari; udalei ere bai, bat edo beste (adibidez, adin tx

Lotutako dokumentazioa

Bakarrik dauden adin txikiko atzerritarren egoera EAEn