Irungo Udalak berriz aztertuko ditu bere kirol instalazioetako tarifak, guraso bakarreko familiak sustatzeko ikuspegi barneratzailea ezarriz

Konpromiso hori hartu duela jakinarazi dio Arartekoari, erakunde honek gomendatu baitzion neurriak har zitzala udalaren kirol instalazioetan ezartzen den tarifa-sisteman guraso bakarreko familiak sustatzeko helburua aintzat har dadin, familia horiek kide gutxiagokoak izan arren.

Guraso bakarreko familia bateko amak kexa egin zion Arartekoari, izan ere, ez zegoen konforme Irungo Udalaren jarduerarekin. Ama ezkongabeak eta 10 urteko semeak osatzen zuten familia.

Kexan azaldu zuenez, 2016ko maiatzean, Artaleku-Azken Portu udal kiroldegietako Zuzendaritzak adierazi hauxe zion: oker batengatik, bere semeari "bi gurasoak kiroldegietara abonatuak zituzten" 3 eta 12 urte bitarteko gazteentzako tarifa ezartzen aritu zitzaiola, nahiz eta, bere familia-unitatean, guraso bakarra egon zerbitzu horretara abonatuta. Horregatik, guraso bakarreko haurren tarifa ezartzen hasi zitzaion.

Kaltetuak eztabaidatu egin zion Irungo Udalari guraso bakarreko familia izatean oinarrituta, azken tarifa hori ezarri izana, eta nabarmendu zuen bere bizikidetza-unitatean familiako kide guztiak zeudela udalaren kirol instalazioetara abonatuta.

Bere esanean, kirol instalazio horietako abonuak eratzean, ez ziren aintzat hartzen guraso bakarreko familien interesak, eta horrelako familietan, izenak dioen bezala, guraso bakarra egoten da eta egon daiteke; horregatik, pertsona horrek bakarrik har dezake alta, abonatu gisa, udalaren kirol zerbitzuan.

Beste alderdi bat ere azpimarratu zuen: gure gizartean, guraso bakarreko familiak kalteberagoak direla, guraso bakar hori, sarritan, emakumea izaten delako.

Gertakari horrek (alegia, guraso bakarreko familia askoren buru emakume bat izateak) lagundu egin beharko luke familia horiek babesteko orduan aurrera egiten, neurri zehatzak ezarriz.

Horregatik, Arartekoak Irungo Udalari gomendatu zion neurriak har zitzala udalaren kirol instalazioei ezarri beharreko tarifa-sisteman aintzat har dadin guraso bakarreko familiak sustatzeko helburua, nahiz eta familia horiek kide gutxiagokoak izan.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 8a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2018R-209-18 Ebazpena, 2018ko azaroaren 19koa. Horren bidez, Irungo Udalari gomendatzen zaio berrikus ditzan udal kiroldegiko tarifak, guraso bakarreko familien (kide gutxiko familiak barne) sustapenaren ikuspegi integratzailetik.