Errepidetiko sistemas / Taxia

5. Taxi zerbitzua: taxi egokituaren egoera EAEn

EAEn garraiobideek duten irisgarritasunaren egoerak hobekun­tza adierazgarriak erakusten baditu ere, batez ere herrigune nagusietan, oraindik mugatu egiten du mugikortasun urriko per­tsonek aske mugi­tzeko duten eskubidea. Egoera horretan, taxi egokituaren zerbi­tzuak are garran­tzi handiagoa har­tzen du, batez ere gure geografiako hiri eta herri ­txikietan bizi diren mugikortasun urriko per­tsonen­tzat.

Taxi zerbi­tzua udalaren eskumena da. Udalak dira taxi lizen­tziak mugatu eta ematen dituztenak. Foru administrazioek, bestalde, eskaria gorabehera baimen­tzen dute garraioko zerbi­tzu publikoa emateko aukera, horretarako kasuan kasuko garraio baimena emanez.

 

Zer dio arauak?

Irisgarritasuna susta­tzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legean xedatutakoa gara­tzen duen apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuak arau teknikoak bil­tzen ditu hiri inguruneetako, espazio publikoetako, eraikinetako eta informazio eta komunikazio sistemetako irisgarritasun baldin­tzei buruz, eta azpiegiturek eta material mugikorrak bildu beharreko irisgarritasuneko baldin­tza teknikoak finka­tzen ditu. Zehaz­ki, 4.6. artikuluak zera finka­tzen du:

“1.- Hiru milatik (3.000) gorako biztanle kopurua duten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan, udalek gu­txienez taxi egokitu bat izan dadin sustatuko dute eta eguneko 24 ordutan bermatu beharko da zerbi­tzua.

2.- Nolanahi ere, 20 taxi lizen­tzia baino gehiagoko udalerrietan, taxien lizen­tzien %5ek gu­txienez gurpil-aulkidun erabil­tzaileen­tzat egokituta egon beharko dute, Eranskin honetako 4.6.1 atalean ezarritakoaren arabera”.

 

Zein da euskal hiriburu eta lurraldeen errealitatea?

Eran­tsitako taula ikusita, Bilbok ez du bete­tzen ibilgailu egokituei a­txikitako lizen­tzien derrigorrez­ko %5 hori.

Taxi egokitua Lizen­tziak Egokituak %
Bilbo 774 28 %3,62
Donostia 307 15 %4,89
Vitoria-Gasteiz 194 17 %8,76

Iturria: geuk egina.

 

EAEn taxi egokituak bizi duen errealitateari buruz­ko datu par­tzial ba­tzuk eskuratu ahal izan dira, Taxiaren Euskal Federazioaren bitartez. Informazio iturrien kalitatea eta fidagarritasuna hor egonda ere, ez da posible izan lurralde historiko bakoi­tzeko informazio ildo homogeneo bat finka­tzea.

Egoera horretan egonda, gaia ikuspegi holistikoago batetik jorra­tzea erabaki da, egiaztatu ahal izan den egoera zeha­tzen batean indarra jarriz.

Zen­tzu horretan, hurrengo baieztapen orokorrak egin daitez­ke:

      – 3.000 biztanletik gorako edota 20 lizen­tzia baino gehiagoko udalerri askok ez du bete­tzen legediko artikulu mul­tzoa, izan ere, udalerri horiek ez dute berma­tzen eska daitekeen ibilgailu egokitu kopurua.

      – Egoera horretaz jabetuta, Gipuz­koa eta Arabako foru administrazioak saiatu egin dira taxi egokituaren zerbi­tzua eskura dagoela berma­tzen eskualde edo koadrila mailan. Zen­tzu horretan, eskualde edo koadrila bakoi­tzean gu­txienez taxi egokitu bat egoteko saiakera egin da.

Ikuspegi berariaz­koago batetik begiratuta, bereziki aipatu behar da taxi egokituak Biz­kaia eta Gipuz­koako hiriburuen ondoren garran­tzi­tsuen diren hirietan duen egoera, alegia, Barakaldon eta Irunen.

Bi udalerri horiek, 100.000 eta 70.000 biztanlerekin ia hurrenez hurren eta bakoi­tza 20 taxi lizen­tzia baino gehiagorekin, 4 eta 3 ibilgailu egokitu eduki beharko lukete hurrenez hurren. Gaur egun, Barakaldok ez du ibilgailu egokitu bakar bat ere eta Irunek bi ditu bakarrik. Horiek, gainera, Bidasoaren eskualde osoari eman behar diote zerbi­tzua, eta baita Hondarribiko aireportuari ere. Baldin­tza­tzaile horiek, argi eta garbi, murriztu egiten dute mugikortasun urriko per­tsonek eskatutako zerbi­tzua ematearen bermea.